
Usansoloko ludotekan San Juan ospatuko dugu ohiturak eta tradizioak berreskuratuz
Asko dira Euskal Herriko txoko guztietan zehar San Juan gauaren inguruan egiten diren errituak, udako solstizioari hasiera ematen dion urteko gaurik magiko eta desiratuena. Usansoloko ludotekan urterik urte eta belaunaldiz belaunaldi udalerri honetan bizirik mantendu diren ohituretan parte hartzea eta laguntzea gustuko dugu, eta gure txikiekin jarraipena izatea nahi dugu.
Goizean ibilaldi botanikoa egingo dugu Meatzetako bidegorrian zehar, non garai honetan oso ugariak diren eta edozein mendi ibilalditan topa ditzakegun sendabelarrak ezagutzen ikasiko dugun, eta zapatillak kenduko ditugu gure oinek lurra eta urarekin harremanetan egon daitezen. Sua eta urarekin batera ezin falta daiteke San Juan erramua, ludotekan jasotako landarez egingo duguna, gero etxean ipini eta urte osoan zehar arima gaiztoak uxatzen eta osasun ona izaten lagunduko diguna. Arratsaldez umeentzako tailerrak eta dantzak egongo dira plazan sua pizteko ordua heltzen den bitartean. Eta… nola ez! Egun magiko honi amaiera zapore gozoaz emateko txokolatada izugarria.
Usansoloko ludotekan San Juan jaiarekin udaren etorrera agurtuko dugu, eta berarekin batera amaiera emango diogu ikasturteari. Horretarako egun osoan zehar entzun ahal izango den Usansoloko San Juanetako abestia izango dugu.
San Juan bagilean
denpora ederrean
sugeak eta sapoak erre
gariak eta artoak
gorde
gure etxean sorginik ez
gure etxean lapurrik pez
badagoz bedegoz
erre beitez!