Udako Eko-ludotekak Arrigorriagan

Uztailaren 5etik hurrengo 21era arte, Arrigorriagako ludoteketan udako erara gabiltza. Eta honek euskaraz biziko diren aisialdiz eta dibertimenduz betetako 13 egun dakartza, aurten inoiz baino berdeagoak, oso bestelako ekintzez beteta, herrian zein herriaz gozatzeko, bertoko kale, parke, enparantza eta inguratzen gaituen inguru pribilegiatuaz, natura, mendiak, basoak… beti modu ludiko, inklusibo eta begirunetsuan, hala gure berdinekin, nola inguruarekin.

 

 

60 parte hartzeile izena emanda

Arrigorri ludotekan 2017an jaiotako 20 umek eman dute izena, eta Abusukoan 40k, azken honetan 2014-2017 urteen artean jaiotakoak.

Ludoteken ordutegia 10:00etatik 14:00etara izango da, 9:00etatik 10:00etara  eta 14:00etatik 15:00etara haurtzaindegi zerbitzua izango delarik, kontziliazioa sustatu nahian.

Ekintzaz jositako 13 egun

Abusu eta Arrigorri ludoteketan prestatu ditugun egitarauek ekintza mordoa dakartzate, besteak beste, Eko-hormairudi erraldoia egitea, zuhaitzen arteko ibilaldiak, Abusura txangoa, herrian birziklatze rallya, naturan yoga eta collage-a, pistaz pista Mendikosolo, Montefuerte eta Urkiolara txangoak, hare magikoarekin jolastea, jostailu erraldoien tailerra, merendola… Argazkiak lehen egun hauetan egindako hainbat ekintzetan egindakoak dira.

Programaren xedeen artean, natura eta gure ingurua zaintzearen garrantziaz hezi eta kontzientziatzeaz gain, haur eta genero berdintasunean egiten dugun eguneroko lanarekin jarraitzea ere badago, baita interkulturaltasuna bezalako baloreak sustatzea ere.

Azken finean, uneak, jolasak, adiskidetasunak partekatzeko egunak dira, eta batez ere, ondo pasatzekoak, hori baita helburu nagusia.

Eta horrela helduko gara Arrigorriagako Madalena jaietara, justu ostean helduko direnak, uztailaren 21ean.