
San Juan jaia Usansoloko ludotekan
San Juan jaia ospatuz udari ongietorria egin eta ikasturteari agur esaten diogu. Usansoloko ludotekan, Usansolo Euskara Taldearekin batera, egindako ekintzen hainbat argazkiak elkarbanatzen ditugu.
Jendeari gehien gustatzen zaion jardueretako bat arima txarrak uxatzen eta urte osoan zehar osasunez gozatzen laguntzen digun San Juan erramuaren osaketa da. Asmo hau buruan, bezperan zapatilak jantzi eta Lekue Dorretxeraino egin genuen ibilaldia, non sendabelarrak ezberdintzen ikasi genuen horretarako bereziki prestatutako koadernotxoa erabiliz: santio belarra. hypericum perforatum, luki buztana. equisetum arvense, patana.…
Ludotekara bueltan, lizar adarrak (San Juanetan ezinbesteko) eta jasotako loreak erabilita San Juan goizean gure atarietan jarri genituen erramuak osatu genituen, konxuruak eta ohiturak dioten bezalaxe lapur eta sorginez zainduko gaituena:
San Juan bagilean / denpora ederrean / sugeak eta sapoak erre / gariak eta artoak / gorde / gure etxean sorginik ez / gure etxean lapurrik pez / badagoz bedegoz / erre beinez!!
Arratsaldean, umeentzako tailerrak, soinujoleak, txistulariak eta Oinarinen dantzak izan ziren plazan, sutea piztu arte. Egunari Jokaldiren erromerian dantzan eman genion amaiera .