
Ludoteketan Inauteri programari hasiera emango diogu
Bi aste baino ez dira falta Aratustea eta Garizuma heltzeko eta Usansolo, Arrigorriaga eta Abusuko ludoteketan, dagoeneko, Inauterietan gaude!
Kondairak dio moduan inauteri gauen denetarik egin daitekeela, eta hori dela eta maskara eta mozorroak jansten dituzte. Gure maskara eta mozorroak sormenaren adierazle eta originalenak izatea nahi dugu. Irudimena ez dugu faltan, beraz, lanari ekingo diogu!
Paper maché-zko maskaren tailerra eta inauteri-dantzen ikastario Usansolon
Usansoloko ludotekan mache paperaz egindako maskarekin ausartuko gara berriro ere. Pasa den urtean arrakasta handia izan zuen eta Veneziako Karnabalak berak berarentzat nahi lituzkeen maskarak egi ziren! Taldeetan gehienez 8 haur izan daitezke, heldu bana lagunduta, eta astearte, asteazken eta ostegunetan izango dira, bi aste hauetan zehar.
Garai hauetan dantzatu ohi diren euskal dantzen ikastaroa egingo dugu, besteak beste, “dantza-jausiak”, “Zapatari dantza”, “Txulalai”, “Esku dantza” eta “Polka”. Hauek Inauteri asteartean izango den Oinarin Dantza Taldeak emango duen erromerian jarri ahalko ditugu praktikan. www.dantza.com orrian dantza hauetako batzuk ikus ditzakezue.
Aurpegia margotzen ikasteko tailerra, Arrigorriagan
Arrigorri ludotekan tailer beldurgarria dugu prest. Automakillaje tailer honetatik munstruoak, superheroiak, zonbiak eta irudipenezko hainbat pertsonaia irtengo dira.
Mozorro tailerra, Abusun
Perretxiko ludotekan, Abusun, Potato jaun-andreen mozorroa prestatuko dugu, zalantzarik gabe desfileko izar nagusi izango dena.
Eta, aurreko urteetan bezala, egun hauetan zehar ludoteketan Euskal Herriko Inauterietako pertsonaien inguruan hitz egiten jarraituko dugu. Nolakoak dira hauen jantziak? Zein koloretakoak izaten dira? Zein da hauen esanahia?… Interesa duenarentzat edo ideia bila dabilenarentzat Ahari Kultur Taldearen orri honetan pertsonaia asko ikus daitezke. Eta mitologiari buruzko beste honetan koloreztatzeko moduan dauden pertsonaiak topa ditzakezue.